Tulalaika Xiberoko ikastola eta kolegioaren bestak bere leküa egiten dü euskalzaleen hitz ordüetan. Müsikaren egünaren jarraikia hartü züan Tulalaika düala lau urte eta geroztik urtez urte indartzen da Pagolan egiten den egünaldia.
Nafarroaren egüna eta herri ürratsetarik landa jiten da, eta ez badütü ber ahalak programazione aberats bat proposatüko dü berriz aurten. Txarranga, dantza ikusgarri, bertso, pelota partida eta prefosta kontzertü. Hartakoz Niko Etxart, Xabi Solano,Andoni Ollokiegi,Xistor of a down,DJ infernu eta RTZ rap kolektiboa hor izanen dira. Igante hontan helbürü nausia izanen da berriz ikastolaren promozionean egitea barnekaldeko lürraldeetan eta herriatarren süstengüaren biltzea.