Txakun txakür izena dü Elsa Oliarj-Ines-en azken lana. Dans leur jeunesse il y a du passé bere lehen dokümentalan bezala, nortarzüna nola eraikitzen den aipatzen dü hontan ere.
Zortzi urtez Sohütako ikastolan filmatü ondotik, bi dokümental mota sortü dütü Elsa Oliarj-Ines Alozeko dokümental egileak. Bata telesail maneran, azaroan (data zehatza ez da finkatürik orano) France 3-n eta Kanalduden estreinatürik datekeana : Nortarzünak izenekoa. Hontan hiru parte badira 25 minutakoak. Bestea lüzemetrai bat Txakun txakür izenekoa, asteazken hontan (azaroaren 23an) Gipuzkoako hiribürüan estreinatürik datekeana.
Lehentze da hebenko filma bat Donostiako zinemaldian erakatsirik izanen. Bena Xiberoan filmatürik izan baldin bada, historia ünibertsal bat kontatü nahi dü. Eskolan, baztertürik den haur baten ebilbidea jarraikitzen beitü zortzi urtez. Eta hau mündü osoan eta belaünaldi oroz bizitzen diren egoerak beitira.
Asteazken, ostegün eta ostirale hontan ikusten ahalko da ordüan Donostiako zinemaldian. Iparraldean hedatzeko aldiz ez da orano datarik, filmen banatzeko mügaz bestaldetik oztopo administratiboak beitira. Halere eginahalak eginen zütüala gütienik Xiberoan segürtatü deikü Elsa-k.
